viernes, 30 de diciembre de 2016

Negar batean

Orain dela 5 urte, hain zuzen ere 2011ko Urriaren 20an, ETAk borroka armatuari utzi zion. Irratian entzun nuen arratsaldez, eta segidan kalera atera nintzen entzungailua belarrietan jarrita. Hain berri ona, zein batzuen eta besteen balorazioak entzuten nituen bitartean, negar batean hasi nintzen kale erdian. Eskerrak iluntzen ari zela eta jenderik gabeko berdegunetik nenbilela.
Nire negarra ez zen triste nengoelako, batere ez, bizitza osoan berri horren esperoan egon izan nintzen. Negarra penagatik zen. Pena sentitzen nuen hainbeste urtez bortizkeriak jasateagatik, gizarte honen partaide gisa. Nire buruari galdera hau egiten nion: zergatik ez diote utzi 20, 30, 40 urte lehenago? Orain erabaki badute, lehenago ere egin zezaketen. Orain bide okerra bada, lehen ere bazen. Indarkeria baliabide politiko bezala erabiltzea betidanik gaizki iruditzen zitzaidan, baina bizitza osoan jasaten ari nintzen. Eta orain bukatzen zen. Ba zen garaia!, pensatzen nuen, baina hainbeste urte sufritzen pasatu izana, aita bera joan zitzaigun egun hau ikusi gabe. Eta berriro negar batean...
Burura etortzen zitzaizkidan milaka irudi, milaka leku, milaka berri txar. Hainbeste aldiz etxeko sukaldean irratia entzuten genuen bitartean senideen aupegi izuetaz gogoratzen nintzen. Ez genuen merezi izan hainbeste sufrimendu. Eta etxekoak ez ginen biktimak. Haiek bai sufritu izan zuten!! Aita erailda, edo ama, semea, edota alaba, laguna, auzokidea... 
Bat-batean dena bukatzen zen. Posiblea zen Europako beste toki normal baten eran bizitzea. Hau poza!! Eta berriro negar batean.
Gaur arte ez nion inori kontatu gertakizun hau. 5 urte pasatu behar izan dira, denok segurtzat ematen dugunean atzerabueltarik ez dagoela.
Momentu hartan nire bizitzako beste sasoia hasten zela pentsatu nuen. Ez nengoen oker. Oso ongi ospatu genuen etxean.
Aukera berriak ikusten nituen nire aurrean. Ausartzen nintzen politikagintzan parte hartzera, osagai usteldu hori behin bukatuta. Pixkanaka pixkanaka hasi nintzen bustitzen, eta 2015eko Aldaketa Historikoa ailegatzeko ahalegin handiak egin nituen. Beldurrik gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario