sábado, 17 de septiembre de 2016

Besteen seme-alabak


Azken bolada honetan konturatzen ari naiz kaltetuak besteen seme-alabak badira batzuei ez zaie axola saldukeria egitea. Ingelesez Ikasteko Programari luzamendua egitea adostu zuten Nafarroako gobernua sostengatzen duten lau alderdiek. Behin gobernuan egonda izugarrizko erasoak jaso dituzte oposizioko alderdiengandik, baita horiek kontrolatzen dituzten antzinako erregimenaren eragile askorengandik ere. Konbentzimendu eta ausardiaren faltak eraman ditu lau alderdiak lehen aipatu dudan saldukeria egitera, eta UPNren golik borobilena mantentzera.
Afera honen kudeaketa oso kaxkarra izan da. Gobernu berriak egin behar izan zuen hasiera hasieratik hizkuntzen ikasketari buruzko mundu osoko aditurik hoberenen bilkura, IIP-PAIren gabeziak argi uzteko. Ondoren egin behar izan zuen ingeles eta beste ikasgaien ebaluazio sakona, argi uzteko, Madrilgo Carlos III unibertsitatean demostratu zuten bezala, ikasleak kaltetuak izan direla. Hau dena ez da egin. Honen ordez UPNren kudeaketa guztiz eroaren aurkako kritika politikoa egin zen, izkutuan zeuden txosten batzuk aditzera emanez; eta DISPAI ikerketa abian jarri. Ikerketa honen emaitzak oso kaltegarriak ikusten ditut nik, azken finean IIP-PAIren zaleei indarra eman dietelako. Nola ez, elkarrizketatuak UPNren garaiko zuzendariak eta beraiek izendatutako 35 irakasle izan badira?
Hezkuntzako goi-kargodun batek berriki esan dit suizidio politikoa izango litzatekeela IPP bertan behera uztea. Agian horregatik EAEn alderdi guztiak lehiaketa batean sartu dira horretarako: inglesa nola txertatu hizkuntz eredu desberdinetan. Europara begiratu ordez, Espainiako sistema kaxkarrarekin kutsaten ari gara.
Niretzat hau dena penagarria da, eta guda hau galdutzat ematen dut. Gogor borrokatu dut urte askoz, eta nire esperantza gobernu berria zen. Baina orain ez dut irtenbiderik ikusten, dena gaizki egin da, eta uste dut ez dagoela atzerabueltarik.

Gobernuan dauden alderdi abertzaleen politikarien seme-alabak ez daude IIP-PAI sisteman, beste politikarienak seguraski ere ez. Orduan, kaltetuak besteen seme-alabak badira, eta arazoa konpontzeko ahaleginak gobernuaren aurkakoak suertatzen badira, hobe da gauzak zeuden bezala uztea. Penagarria. Ingeleseko hizkuntz kolonialismoaren tsunamia pasako da, igual belaunaldi oso batek jasango du, eta seguraski zentzutasuna bueltatuko da, kaltetuak bazterretan geratuko dira, eta inor ez da agertuko errudun. Nik behintzat esan ahalko dut nire erruagatik ez dela izan. Ez da gauza makala.