domingo, 3 de febrero de 2019

Bide politikoa eta bide sindikala

Aste honetan 30 urtez lan egiten dudan ikastetxean egon naiz. Azken 5 urteetan gutxitan joaten naiz, enpresa-batzordeko lana egitera bakarrik. Asteazkenean egon naiz, otsailaren 7an egingo diren hauteskunde sindikaletan botoa eskatzera. Askotan egiten dut hau ikastetxeetatik, baina nirean modu desberdinean egin dut.
Goizeko seietan esnatu nintzen eta ametsetan bururatutakoa ohe-mahaian dudan libretan idatzi nuen. Nire bi gaiak hauexek izango lirateke: nondik gatozen eta nora goazen.
Nire eskolako 94 langileei zerrenda bat eskaintzen diegu: hor agertzen naiz ni, 5 lankide artean.
Duela 4 urte hauetako 5 lagun ere zerrendan geunden, orden berean: Julia lehenengoa, ni bigarrena, Tere hirugarrena, Ana laugarrena eta Mª Carmen azkena (aurten Alicia ere). Hura lehenengo aldia zen, 2015 baino lehen inoiz ez ginen hauteskunde sindikal baten zerrendan agertu. Zergatik eman genuen pausua?
Krisialdia eragin zutenek probestu zuten ordainketa langileriaren bizkarrean uzteko. 2010eko ekainean ELAk era LABek greba orokorra antolatu zuten, Zapaterok funtzioarioei soldataren  % 5 kendu ondoren. Nafarroako gobernuak itunpeko irakaskuntzako langileei soldataren % 6,7 kendu zigun. Hori ikusita, nire lankide batekin (Cristina, STEE-EILASeko historikoa) joan nintzen nire ikastetxeko enpresa-batzordeko delegatu batengana (LABekoa) eta asanblada bat egitea proposatu genion, grebari buruz hitzegiteko. Ezetz erantzun zigun, greba-eguna ekaineko azken asteetan zela eta ez zuela merezi.
Hurrengo irailean grebaren antolatzaileak UGT eta CCOO ziren. Berriro eskatu genuen asanblada bat egitea, eta azkenean egin zen. Nire eskolan betidanik egiten zen bezala, lehenengo bozketa ea loteslea izango ote zen erabakitzeko izan zen. Gehiengoak erabaki zuen bozketa loteslea izango zela, beti bezala. Baina greba egiteko ala ez bozkatzerakoan, nire eskolan inoiz ikusi ez genuena gertatu zen: ezetzak irabazi zuen. Eta inork ez zuen grebarik egin.
Hortik aurrera bakoitzak bere kabuz erabaki zuen hurrengo grebak egitea ala ez. Nik 2011ko urtarrilean, 2012ko martxoan eta irailean LABek eta ELAk deitutakoak egin nituen, baita 2012ko abenduko Europa mailako greba ere, nire soldatan beste % 2,5eko mozketa pairatu ondoren. 2012ko ekainean ELAn afiliatu nintzen, eta banekien horrek zer ekarriko zuen: nire enpresako hauteskudeetan hautagaitza aurkezten saiatu beharko genuke, nahiz eta enpresari eta beste sindikatuei batere ez gustatu. Hala egin genuen 2015ean, eta irabazi genuen: ELAk 3 delegatu, UGTk 1 (ordura arte 3) eta LABek 1 (ordura arte 2). 2012 eta 2015 artean neure burua guztiz murgilduta ikusi nuen bide sindikalean; beraz, afiliatu eta urte pasata, sindikatuak liberatu ninduen itunpeko irakaskuntzaz arduratzeko, eta horretan segitzen dut.
Baina bide sindikala ez zen ni hasieratik aukeratu nuena, are gehiago, krisialdia baino lehen inoiz ez nuen pentsatu sindikalgintzan inoiz arituko nintzelarik.
Bide politikoa izan zen nik aukeratu nuena 2004tik aurrera, Nafarroako Erregimenaren euskararekiko bazterkeria ikusita. Urte hartan NaBai sortu zen, eta handik aurrera aldaketaren ardatza bilakatzen hasi zen. 2007ko hauteskundeak baino lehen egin ziren Golemeko asanbladetan parte hartu nuen, eta pixkanaka sartu nintzen lan-talde ezberdinetan. 2009an, krisialdia behin hasita, deshazkundearen aldeko Bira beste Aldera taldean ere sartu nintzen, baina talde hori 2011ko 15-M mugimendua zabaldu zenenan, desegin zen, eta buruzagi batzuk Podemosen sartu ziren.
NaBai ere desegin zen, orduan Zabaltzen sortu genuen, eta 2011ko azaroaren hauteskundeetan Geroa Bai barruan sartu genuen, EAJrekin batera. Hurrengo urteetan buru belarri lan egin nuen aldaketa ekartzeko, hauteskunde programa prestatzen, batez ere Hezkuntzakoa, milaka bileretara joanez. Are gehiago, nola ikusia nuen GBko Osasun taldean ez zegoela Osasunbidean lan egiten zuen famili-medikurik, nire emazteari eskatu nion talde horretara joateko, eta nahiz eta politika gustokoa ez izatea, emaztea talde horretan sartu zen, ekarpen handia eginez. Sindikatuan behin liberatuta, koalizioko Hezkuntza taldeko ardurari utzi nion, baina segitu nuen bileretara joaten. Hor ikusi genuen nola batzuk baldintzaten dituzten "aurrerakoi" izenondo daramaten neurriak, jarrera neoliberal batetik. Gobernura behin helduta, hala egin dute ahal duten guztietan. Nik beti eman dut eskatu didaten laguntza osoa, eta deitu badidate, joan naiz edozein momentuan biltzera. Horregatik orain oso mingarria suertatzen zait batzuk nirekin bildu nahi ez izatea, ezta mezuei ez erantzutea ere.
Pasa den astean nire lankideei nondik gatozen kontatu nien, zer atzerapausuak jasan ditugun, eta nola erantzun genuen gure zerrendan agertzen garenok, gure bizitza konplikatuz. Gero, nirekin azken 4 urteetan delegatu sindikalak izan direnek enpresa-batzordean zer egin dugun gogorarazi zieten (inoiz egin den lanik sakonena). Bukatzeko nirekin Itunpeko irakaskuntzako liberatua denak, Rosak, nora goazen esan zien, eta nola gure nahia Nafarroako Lan-Hitzarmena edukitzea dela. Horretarako botoak behar ditugu, gero patronalekin eta gobernuarekin negoziatzeko. Botoak eskola zein ikastola guztietako lankideei eskatzen dizkiegu. Ea babes indartsua jasotzen dugun! Askotan bide sindikala bide politikoa baino askoz ere erabakigarriagoa iruditu zait. Tamalez, biak ezinbestekoak dira.