"Casablanca" filmean esaten den bezala, niri ere beti geratuko zait Gazteen Ekintz-Katolikoa (Jóvenes de Acción Católica), gaztetan militante bihurtu ninduen mugimendua.
Nire bizitzan zehar erakunde askotan ibili naiz eta oraindik nabil horietako batzuetan, baina atzera begiratzen badut, ez dut GEK bezalakorik aurkitzen.
Nire blog honen aurreko sarreran 1984ko prentsa artikulu bat aipatu izan dut. Nolatan gorde nuen artikulu hori eta oraindik daukat gordeta? Garai hartan Opuseko unibertsitatean nengoen Historia ikasten, baina aldi berean GEK-eko talde batean ere banenbilen. Horrela banuen kontra-pisua, nire baitan mantentzeko. 1984ko LODE legearen aldeko eta Itunpeko Patronalen aurkako jarrera islatzen zuen artikulua gordeta izanak erakusten du nik betidanik kontra-botere jarreran kokatu dudala nere burua. Eta horrek GEKari zor diot. Orain Nafarroako gobernuan daude nire kutunenak diren alderdiak, baina hala eta guztiz ere, nere burua jarraitzen dut ikusten kontra-botere jarreran. Ez da batere erosoa, inoiz ez nuke pentsatu hain mingarria izango zela egoera hau, baina hala da.
GEK mugimenduan ikasi nuen zer den militante bat izatea, antolakuntzaren garrantzia, errealitatearen analisia nola egin, ekintzaren planifikazioa, konpromiso politiko zein soziala, etab, baita gazteagoei transmititu ere (gaur batzuk erakunde politiko zein sozialetan aritzen dira).
80ko hamarkada hartan GEK mugimenduan elkartu ginen erkidego guztietako ehundaka gazte, Euskal Herrikoekin harreman estuagoa izanik. Gure asanbladak oso jendetsuak izaten ziren, eta hausnarketa maila oso altua. Parte-hartzea oso zabala eta demokratikoa zen, eztabaidarako ponentziak tokiko talde guztietan eztabaidatzen ziren, zuzenketak edonork egin ahal zituen. Hauek diozesi bakoitzean eztabaidatu ondoren onartzen ziren, eta gero estatu-mailako batzorde orokorrean. Asanbladan bertan berriro dena eztabaidatzen zen. Hara joaten ginen nahi genuen guztiak, eta batzuk ziren diozesi bakoitzeko ordezkariak, boto-emaileak (militanteen kopuruaren arabera). Asanbladek 4 egun irauten zituzten, proposamenak taldeko bileretatik osoko bilerara ailegatzen ziren, eta zuzenketen bidez akordioak hobetzen ziren. Askotan goizaldera arte egoten ginen eztabaidatzen.
Mugimenduaren buruzagiak libre-egote (disponibilitate) prozesu baten ondoren aukeratzen ziren, eta gero asanbladak bere oniritzia ematen zuen. Militanteek buruzagia izateko hautagaiak proposatu ahal zituzten. Normalean inork ez zuen nahi, baina gogoeta baten ondoren, batzuk onartzen zuten prozesu horretan parte hartzea. Presidentea edo presidenteordea izatea ez zen batere erosoa, etxetik atera eta Madrilera joan behar ziren bizitzera, 4 urtez liberatu, eta lana oso gogorra zen, baita aberasgarria ere.
Gaurtik ikusita, eta beste erakundeekin konparatuz, ez dut berriro ikusi hain emankor, aberasgarri, demokratiko, parte-hartzaile, eskuzabal eta interesgabeko elkarterik.
Eta hau dena gutxi balitz, inportanteena espiritualitatea izan zen, bizitza osorako balio izan zaidana.
Bizitzaren errealitatea leku teologikotzat hartzen genuen, eta errealitateari buruzko sineste-irakurketa egiten genuen. Handik aurrera bizitza-errebisioa izan da gure betiko metodoa, taldeka biltzen garenean, ekintzatik ekintzara gogoeta egin ondoren. GEK mugimenduan denon artean onartu genuen Utopia proiektua, gizakia-gizartea-eliza kontuan hartzen zituena, bizitza osorako izan zait baliogarria.
Horregatik esaten dut izenburuan jarri dudana. Gero ikusi izan dut GEK baino erakunde indartsuago, edo aberatsago, baina niretzat hoberena hau izan da, benetan, bihotz bihotzez diot, eta 2017 urte hau bukatu baino lehen lau haizetara aldarrikatu nahi nuen. Eta kitto.
No hay comentarios:
Publicar un comentario