Zaborrate eta Jauriko, bi hitz hauek askotan entzuten ziren etxean. Biak oso lotuta zeuden aita eta amarekin. Batak zein besteak aipatzen zituen bikotekideari zerbait leporatzeko. Amak aitari esan nahi bazion baldarkeriaren bat egin zuela, Zaborraten ibilitakoa zela oroitarazten zigun. Aitak, berriz, baserri-kutsua amari aurpegiratu nahi bazion "de Jauriko tenías que ser" botatzen zion.
Bi hitz hauek lekuen izenak dira: Zaborrateko Borda Andiako mendilerroan dago, Lezaungo borda bat da, eta nire aita gaixoak hamaika urte bete ondoren han pasatzen zituen asteak ardiak zaintzen, beti otsoaren beldur. Jauregiko Borda Elizondoko udal-barrutian kokatzen da baina Urdazubitik hurbilago dago. Nire amaren mendiko jaiotetxea da eta mugatik 500 metrotara izateagatik hangoek istorio asko dituzte kontatzeko.
Bi borda hauek oso aztarna nabariak utzi zituzten gurasoengan, eta nire senidean ikurrak bilakatu ziren. Urteak eta urteak pasa ahala, zahartzarotik gero eta hurbilago neure burua ikusten dudan heinean, Zaborratez eta Jaurikoz askotan gogoratzen naiz, norengandik sortu naizen eta sustraietatik zein urrun edo hurbil nabilen aztertzeko.
Zaborrate
Hitz hau aipatzerakoan burura etortzen zaidan lehenengo irudia nire aitarena da. Lehenengoa bere betiko umore ona eta bere onberatasuna. Bizitzan neureganatu ditudan gauzarik garrantzitsuenak berarengandik jaso nituen, ez eskola edota unibertsitatetik, baizik eta aitarengandik. Hamar anai-arreben artean txikienetarikoa izan zen, eta Lezaungo eskolara laupabost urtez besterik ez zen joan. Esan bezala, 1936an, hamaika urte bete eta gero mendiko bordan asteak pasatu behar izaten zituen ardiekin, orbelaren gainean lo eginez, ardiak jezten eta gasna egiten. Honi buruz hitz egiten zuen bakoitzean, nabaritzen zitzaion oso esperientzia gogorra izan zela berarentzat, mendian bakarrik egotearena, asteburua noiz helduko ote zen. Baina hondare ona ere jaso zuen: erdaldun hutsa izanik asko maite zituen bere haurtzaro eta gaztaroan ibilitako herriko mugapeen izen euskaldunak (Zunbelz, Zalbide, Itxaltegi, Arratia, Reiturri, Arbelz, Lizarraga, Zanabe, Ligorri...) eta beti azpimarratzen zuen hau hala dela.
Lezaun lurralde karlistan zegoen, eta gerra zibilean nire hiru osaba guda-frontera joan ziren borrokatzera. Bata, Pablo, urrian hil zen Gipuzkoako Arrate mendian. Handik aurrera nire aita bere anaia zenaren ordezkoa bihurtu zen Zaborrateko bordan artzain. Gerra bukatuta, nire osaba Vicente militar geratu zen, jenerala izatera heldu zen eta duela gutxi Donostian hil zen. Nazionalkatolizismoan bizi ziren bizitzaren bi heren luzez. Hiru urtez Afrikan soldaduska pasatu ondoren, aita herrira itzuli zen baina 25 urtekin Iruñera etorri zen lan egitera. 1958an ezkondu zen eta desarrollismoko urteetan 4 seme-alabak izan eta pixkanaka pixkanaka inoiz amestuko ez lukeen bizi maila lortu zuen, garai latzak atzera utziz. Beti izan zen fededun, baina oso pertsona azkarra eta kriterioduna zen, esaten zuen herriko apaizak gaztaroa suntsitu ziela: igandero soinujolea herrira joaten zenean, apaizak ezkilak jo eta neska guztiak elizara erakartzen zituen otoitz egitera, plazan dantzatu ordez.
Lezaun lurralde karlistan zegoen, eta gerra zibilean nire hiru osaba guda-frontera joan ziren borrokatzera. Bata, Pablo, urrian hil zen Gipuzkoako Arrate mendian. Handik aurrera nire aita bere anaia zenaren ordezkoa bihurtu zen Zaborrateko bordan artzain. Gerra bukatuta, nire osaba Vicente militar geratu zen, jenerala izatera heldu zen eta duela gutxi Donostian hil zen. Nazionalkatolizismoan bizi ziren bizitzaren bi heren luzez. Hiru urtez Afrikan soldaduska pasatu ondoren, aita herrira itzuli zen baina 25 urtekin Iruñera etorri zen lan egitera. 1958an ezkondu zen eta desarrollismoko urteetan 4 seme-alabak izan eta pixkanaka pixkanaka inoiz amestuko ez lukeen bizi maila lortu zuen, garai latzak atzera utziz. Beti izan zen fededun, baina oso pertsona azkarra eta kriterioduna zen, esaten zuen herriko apaizak gaztaroa suntsitu ziela: igandero soinujolea herrira joaten zenean, apaizak ezkilak jo eta neska guztiak elizara erakartzen zituen otoitz egitera, plazan dantzatu ordez.
1980ko abuztuan aitak Zaborrateko Bordara eraman gintuen, ez gara beste behin han egon. Ezkerreko argazkian aita ta biok bordaren barruan, beste senideekin
Jauregiko Borda, Jaurikoborda
Azken bolada honetan Jauregiko Borda izena hedabideetan agertu da noizbehinka Comète Sareko partaideek ibilbideak antolatu dituztelako amaren baserria bisitatzeko. Bi estatuen arteko muga ondoan egonez, Jauregiko Bordaren pasadizo eta gertaerak ugariak dira. Urdazubitik oinez ordu eta erdira zegoen eta nire amatxi Matiesa herritik hara joan behar zuen behin ezkonduta. Bere senarra, nire aitatxi Xan, artzaina zen eta jaiotzez ondoko herrikoa, Itsasukoa, baina Frantziako desertorea izanik (1914ko gerra), ezin zen bere herrira itzuli. Beraz, biak Jauregiko Bordan bizi ziren eta han sei seme-alaba izan. Ama eta neba-ahizpak Aritzakungo eskolara joaten ziren menditik gora eta behera. Maistra euskalduna zen eta 12 urte bete arte, amak ez zuen gaztelera ikasi. Frantses pixkat ere ikasi zuen Irisarrin, nazien okupaziopean denboraldi bat pasatu zuelako senideekin. 28 urte zituenenan ezkondu zen eta handik aurrera, beti Iruñean bizi izan da. Atzean utzi zuen baserria, eta horrekin batera artoa eramateko astoarekin egin behar zituen mendiko ibilbide luzeak, muga ondoko baserrian gerretako garaiko oinazeak, lainoak eta bero sargoriak. Baserriko oroitzapen onak ditu, zoriontsu bizi zelako, baina Iruñera behin etorrita inoiz ez zuen herrimina sentitu, oso bizitza gogorra zelako baserrikoa. Iruñeko gure senidearen artean beti izan da "la vasca", baina euskara ez zigun helarazi, diktadura garaian.
1992an amak Jauregiko Borda bisitatzera eraman gintuen, berarekin ez gara berriro itzuli
Lezaun eta Urdax hain urrun egonik, nola demontre ezkondu ziren biak? 1936ko gerra da erruduna. Lezaungo gazte bat, familia Irujozale batekoa, bere bizitza salbatzeko Falangean sartu eta Espainia eta Frantziaren arteko muga zaintzera joan zen, bere aitak 14.000 pezeta ordainduta, guda-frontera joateaz libratu zuelako. Gazte hori, muga ondoko Jauregiko Bordan nire izeba Luciarekin maitemindu eta Lezaunera ezkondu ziren. Bide bera hartu zuten geroago amak eta bere neba batek.
Nire gurasoak sanferminetan, ezkondu baino lehen
Baina hau dena, zer ikusia badu nirekin? Beraz nire bizitza guztiz ezberdina izan da. Franco garaian jaio nintzen eta kontsumoko gizartean hazi, eskola eta unibertsitate pribatura joan eta nahiz eta hiru urtez langabezian egon 80ko hamarkadan, geroztik bizitza lasaia izan dut. Hala eta guztiz ere, gero eta nabariagoa ikusten dut arestian kontatu dudanaren eragina.
Gurasoen pisua oso handia da norberaren nortasunean, pentsatzeko eran, munduan kokatzeko moduan, eta gero eta zaharragoa izan, orduan eta argiago ikusten da. Horrek ez du esan nahi gurasoen kopiak garela, ezta pentsatu ere, eta bizitzako heldutasun prozesuan gure bidea bilatzen dugu, batzutan kostata, bestetan erraz. Baina hau beste artikuluaren gaia izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario