Azken bolada honetan konturatzen
ari naiz kaltetuak besteen seme-alabak badira batzuei ez zaie axola saldukeria
egitea. Ingelesez Ikasteko Programari luzamendua egitea adostu zuten Nafarroako
gobernua sostengatzen duten lau alderdiek. Behin gobernuan egonda izugarrizko
erasoak jaso dituzte oposizioko alderdiengandik, baita horiek kontrolatzen
dituzten antzinako erregimenaren eragile askorengandik ere. Konbentzimendu eta
ausardiaren faltak eraman ditu lau alderdiak lehen aipatu dudan saldukeria
egitera, eta UPNren golik borobilena mantentzera.
Afera honen kudeaketa oso kaxkarra
izan da. Gobernu berriak egin behar izan zuen hasiera hasieratik hizkuntzen
ikasketari buruzko mundu osoko aditurik hoberenen bilkura, IIP-PAIren gabeziak
argi uzteko. Ondoren egin behar izan zuen ingeles eta beste ikasgaien ebaluazio
sakona, argi uzteko, Madrilgo Carlos III unibertsitatean demostratu zuten
bezala, ikasleak kaltetuak izan direla. Hau dena ez da egin. Honen ordez UPNren
kudeaketa guztiz eroaren aurkako kritika politikoa egin zen, izkutuan zeuden
txosten batzuk aditzera emanez; eta DISPAI ikerketa abian jarri. Ikerketa honen
emaitzak oso kaltegarriak ikusten ditut nik, azken finean IIP-PAIren zaleei
indarra eman dietelako. Nola ez, elkarrizketatuak UPNren garaiko zuzendariak eta
beraiek izendatutako 35 irakasle izan badira?
Hezkuntzako goi-kargodun batek
berriki esan dit suizidio politikoa izango litzatekeela IPP bertan behera
uztea. Agian horregatik EAEn alderdi guztiak lehiaketa batean sartu dira
horretarako: inglesa nola txertatu hizkuntz eredu desberdinetan. Europara
begiratu ordez, Espainiako sistema kaxkarrarekin kutsaten ari gara.
Niretzat hau dena penagarria da,
eta guda hau galdutzat ematen dut. Gogor borrokatu dut urte askoz, eta nire
esperantza gobernu berria zen. Baina orain ez dut irtenbiderik ikusten, dena
gaizki egin da, eta uste dut ez dagoela atzerabueltarik.
Gobernuan dauden alderdi
abertzaleen politikarien seme-alabak ez daude IIP-PAI sisteman, beste
politikarienak seguraski ere ez. Orduan, kaltetuak besteen seme-alabak badira, eta
arazoa konpontzeko ahaleginak gobernuaren aurkakoak suertatzen badira, hobe da
gauzak zeuden bezala uztea. Penagarria. Ingeleseko hizkuntz kolonialismoaren
tsunamia pasako da, igual belaunaldi oso batek jasango du, eta seguraski
zentzutasuna bueltatuko da, kaltetuak bazterretan geratuko dira, eta inor ez da
agertuko errudun. Nik behintzat esan ahalko dut nire erruagatik ez dela izan.
Ez da gauza makala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario