100 urte beteko lituzke aitak gaur, 2025eko Errege Magoen egunean, bizirik balego.1925eko urtarrilaren 6an jaio zen Lezaunen, epifania egunean, horregatik Epifanio izena jarri zioten. 10 anai-arreben artean txikienetako bat zen. Aitaren arrebarik handienak, izeba Aquilinak, 101 urte beteta zituen hil zenean. Beraz, bera ere bizi zitekeen. Izan ere, nire amak, bera baino 6 urte gazteagoa, laister beteko ditu 94. Tamalez, ez da horrela izan.
Pasa den abenduaren 18an, 26 urte bete dira aita ustekabean hil zenetik, 73 urte zituela. Baina oraindik gogoan dut maiz eguneroko bizitzan. Are gehiago, zahartzen ari naizen heinean, gehiago inspiratzen naiz berarengan, zeren asko laguntzen baitit bizitzaren gorabeherek nola erasan zioten gogoratzen saiatzeak, eta nola jokatu zuen haien aurrean, nik ere haiei aurre egiteko.
Euskaraz idatzi dut sarrera hau nire blogean, aitak beti nahiko zuelako euskara ikasi, edo behintzat bere seme-alabek txikitatik ikasi izan bagenu, gure ama urdazubitarrarengandik. Aitak asko estimatzen zuen euskara, eta esaten zuen bere herriko, Lezaungo, termino guztiak euskaldunak zirela, nahiz eta Lizarrako lurrak euskara galdu zuela aspaldi, 150 urte baino gehiago. Gaur poztuko litzateke Lezaungo haurrek eskolan euskaraz ikasten dutela ikustean.
1925 urtean Primo de Riveraren diktadurapean bizi ziren, 6 urte geroago II Errepublika ailegatu arte. Aitak 11 urte zituenean Francok estatu-kolpea eman zuen eta Espainiako guda hasi zen, 3 urtez. Ondoren diktadura hasi zen, eta II Munduko Guda bukatuta, frankismoak luze iraundu zuen Estatu Batuen aliatu, Guda Hotza garai luze hartan. Izan ere, nire aitak bizi izan zituen mendearen 3 herenetatik ia bi diktadura batean edo bestean izan ziren.
Hala eta guztiz ere, nire aitak bizitza zoriontsua izan zuen, batez ere Afrikan pasatutako soldadutzatik itzuli ondoren, eta bere jaioterrian, anaia zaharrenaren agindupean, familiaren etxaldearen oinordeko gisa bizitzeko perspektibaren aurrean, landa-eremutik ateratzeari ekin eta Iruñera Nafarroako Fuerzas Eléctricas enpresan lan egitera etorri zenetik, 1950az geroztik.
Nire aitaren oroitzapenik onenak nik 7 urte nituenetik (1970) bera gaixotu zen arte dira, nik 20 urte bete nituenean. Amarekin batera, haurtzaro zoriontsua eman ziguten.
Larunbatetan, gurasoak eta 4 anai-arrebak Seat 850ean montatzen ginen eta Erripara joaten ginen, nire bataio-amabitxiak, izeba Aquilinak, errepidearen eta Ultzama ibaiaren artean eraiki zuen txaletera. Han elkartzen ginen 9 lehengusu eta lehengusina, eta hura zen paradisua guretzat, askatasunean jokatzen baikenuen, aire zabalean, edo etxe barruan eguraldi txarra egiten bazuen. Bitartean, helduek gozatu egiten zuten barbakoak egiten, tximinian gaztanbera kaikuan prestatzen, jainkozko eta gizatiarrez hitz egiten, barrez, txisteak kontatzen, eta batzuetan, eztabaidan ere bai.
Udan, batzuetan, igandeetan joaten ginen Andia mendilerrora, aita artzain izan zen lekura. Lizarragako mendateko iturrian 3 autoak elkartzen ginenean, Arbeltz erreboltaraino edo Zunbelz bentaraino igo aurretik hamaiketakoa hartzen genuen. Ibilaldi luze bat egiten genuen zerran eta gero autoetaraino itzultzen ginen, eta artadi, haritz edo pagoren baten azpian mahaiak eta aulkiak jartzen genituen eta amek prestatutako patata-tortillak eta xerra albardatuak jaten genituen. Eta atsedenik gabe jokatzen genuen Iruñera itzultzeko ordua iritsi arte.
Iganderen batean Hondarribira joateko, plana aldatzen genuen, hondartzan eguna pasatzeko. Irailaren hasieran, ikasturtea erdialdera arte hasten ez zenez, batzuetan amaren herrira joaten ginen, Urdaxera, eta han ere primeran pasatzen genuen. Gure izebak janari pantagruelikoak prestatzen zituen, eta umeak baserriaren inguruan jolasten ginen, edo soroak edo iratzeak jasotzen laguntzen genuen belardietan. Han benetako landa-munduarekin kontaktua hartzen genuen, behiekin, txerriekin, oiloekin, ardiekin, behorrekin, txakurrekin, katuekin, eta horiei jaten eman behar genien, jetzi, garbitu... Erabateko zorioneko urteak izan ziren.
Nire aitaren izaeraz, azpimarragarriena, galdetzen diozun edonork esango dizuna, oso gizon ona zela da, inori kalte egiteko gai ez zena, beti alai egoteaz gain. Oso ondo kontatzen zituen txisteak, grazia handiz, nik harengandik jaso ez dudan gaitasuna, eta oso lankide ona zen lanean. Lana oso ondo egitea gustatzen zitzaion, eta, urteetan zehar, lan-esperientzia hartu zuen, eta, horren ondorioz, Iruñeko sare elektrikoa planifikatzen eta seinaleztatzen zuen lan-taldean egon zen, bere esku-ahura bezala ezagutzen zuelako.